XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ORDULARIEN ORRATZEKIN DANTZAN

Zeinen gau txarra pasatu dudan bart!

Sukaldeko iturria tantaka lehenik, ez dut jaikitzea beste erremediorik izan.

Haizea lehioan txistuka gero, nire ahizpak ikasten ari zenean jotzen zuen bezalaxe.

Izugarrizko amorrazioa ematen dit gaizki jotako txistuak, nire inguruan ongi jo dezatela edo ez dezatela jo.

Ziur nago zazpi koltxoien pean ilar ale bat izango banu, berehala antzemango nukeela.

Hauek dira begiak hauek!

Bi zulo beltz.

Goizetan gehien atsegin dudana nagiak ateratzea da, luzatu, ispiluaren aurrean.

Alkondara bat plantxatu beharko dut, honek atzoko makarroien tomate-arrastoak ditu eta.

Zortziak.

Anetxo eta Mikel esnatu beharko ditut, bestela atzo bezala berandu iritsiko gara ikastolara.

Benetan hotz dago gaur etxea.

Santutxoak dirudite, geldi-geldi, goxo-goxo izara artean.

Beste bost minutu utziko diet, bitartean alkondara loraduna plantxatuko dut.

Mikeli galtzerdi pare bat erosi beharko diot, pare honi ere zuloa egin dio.

txandala estrinatu nahiko du gaur seguruenik, zortzi urte bete berriak eta markako jantziak behar omen ditu, eta nik erosi.

Pake apur bat ere behar da eta, zer egingo diozu, nahiz eta ikusi genuen hura askozaz ere politagoa izan, eta jantziagoa negurako.

Atzo egiten zuen hotzarekin niki hutsean etorri zen etxera eta orain pentsatzen jarriz, badakit zergatik ekarri zuen jertsea gerritik, amonak egindakoa zelako.

Jango dut egunen batean.

Zeinen haundiak egiten ari diren!

Oraindik irudi biziak ditut, Alexen kopetako musua, medikuaren bata berdea, anestesiaren ziztada, ospitaleko usaina.

Mikeltxok ez zuen irteerako biderik topatu, galdu egin zen.

Berarengatik ezin bikinia erabili hondartzan uda garaian!

Bainan zer axola du horrek, nire ondoan daude eta ni inoiz baino zoriontsuago naiz.

Bizi bat sortu nuen, filosofo edo idazle hark esan zuena betetzeko pauso bat emanez.

Zera esan zuen, bizitza hau utzi aurretik beste bat sortu, zuhaitz bat aldatu eta liburu bat idatzi behar dela.

Azkeneko hau faltako zait.

Mikel jaio eta urte t'erdira Anek mundu honetara irteteko bide zuzenarekin eman zuen.

Berez ez zuen zaila izan behar, bederatzi hilabete aurretik bide berbera egina bait zuen nahiz aurkako norantzan izan.

Lo zaudenean argia piztea ez da oso atsegina izaten.

Musutxo batez esnatuko ditut, Alexek oporretan egin ohi duen bezala, orain ez nau esnatzen goizago joaten bait da.

Dena den, ez litzaidake axolako lanerakoan musutxo bat hartzea, goizetik umore onean hasteko.

Ane izerditan dago, kalentura pixkatxo bat izango du agian.

Ez da harritzekoa, eguraldi-aldaketa hauek ezinobeak dira katarro eta ondorengoak harrapatzeko.

Aspirina bat emango diot kalentura handirik ez badu eta ikastolara bidaliko dut.

Ez du kalenturarik.

Gosaltzeko fuerte eman beharko diet, biak ere oso xuxtarrak bait daude; edozeinek esango luke ez diedala jaten ematen.

Mikeltxori asko ari zaio ilea iluntzen, ileapaindegira eramango dut aste honetan, oso luzea dauka.

Ane ez, Ane rubita-rubita dago oraindik.

Asteazkenean eramango dut.

Esnea berotu da dagoeneko.

Ez asteazkenean eskolako bilera dut, ostegunean beraz.

Ostegunean futboleko entrenamentua dauka (...).